«Etorkizuneko EHU» abian da
Zentroen berrantolaketa babes handiarekin onartu du unibertsitateak: 28 boto aldeko izan dira, eta lau kontra.
Orain 31 zentrotan antolatuta dago EHU, eta hogeitan bilduko dituzte
2014-11-28 / Garikoitz Goikoetxea
Ezustekorik
ez da izan: zentroak berrantolatzeko proposamenari baietza eman dio EHU
Euskal Herriko Unibertsitateak. Errektore taldearen proposamenak aise
pasatu du gobernu kontseiluko azterketa: 28 boto jaso ditu alde, lau
aurka, eta hiru abstentzio. Iñaki Goirizelaia errektoreak
«historikotzat» jo du urratsa: «Etorkizuneko unibertsitatea hemendik
antolatuko dugu». Zentroen antolaketa berria ezinbestekoa dela
errepikatu du errektoreak azken hilabeteetan, eta, behin hori lortuta,
argi utzi du lehen pausoa soilik dela: «Asko dago egiteko».
Unibertsitate publikoa 31 ikastegitan antolaturik dago orain, eta
egitura aldaketarekin hemeretzitan bilduko dituzte. Nolanahi ere, denera
hogei zentro izango dira, Master eta Doktorego Eskola gehituta.
2016-17ko ikasturtean izango da martxan egitura berria.
Maiatzean aurkeztu zuen proposamena errektoretzak, eta eztabaidan
murgilduta egon da unibertsitatea harrezkero. Aldaketak dituzten
zentroetan nabaritu da batez ere. Aurkako txostenak egin zituzten
bederatzik, eta lau zuzenketa iritsi ziren atzo gobernu kontseilura; ez
bateratzeko eskatu zuten lau fakultatek. Atzera bota zituzten denak,
alde handiz.
Atzokoaren ostean, hiru pauso falta dira: fakultateak batuta sortu
dituzten ikastegien izenak zehaztea, EHUko Gizarte Kontseiluak onartzea,
eta Eusko Jaurlaritzak behin betiko baietza ematea.
Ikastegi sendoagoak
Planteamenduari eutsi dio Goirizelaiak: zentro handiagotan bildu behar
da unibertsitatea. Argudioak: «masa kritikoa» behar da ikerketarako,
ikastegiek «erreferente» izan behar dute, eta nazioartekotu beharra
dago. «Oraingo egiturarekin, arazoak dauzkagu».
Prozesuan apenas azaldu duen arrazoi bat ere zeharka aipatu du
errektoreak: legea. Hala esan du: «Beharrezkoa da karrerak segurtasunez
egin ahal izatea». Madrilek iragarria du doktore portzentajeak ezarriko
dituela fakultateentzat, eta kopuru horiek betetzeko arazoak dauzkate
EHUko zenbait zentrok; doktore portzentajea izan da zein zentro elkartu
erabakitzeko irizpideetako bat.
Berrantolaketa pauso bat dela agerian utzi du Goirizelaiak. Egiaz zer
asmo ote duen, susmo batzuk hedatu dira unibertsitatean. Bat, langileak
gutxituko ote dituzten. «Berrantolaketak ez du eraginik izango
lanpostuetan», erantzun du errektoreak. Hori bermatzeko, akordioa egin
du LAB, EILAS eta UGT sindikatuekin. Nabarmendu du gastuak jaistea ez
dela asmoa, nahiz eta aginte postuak gutxituko diren. ELAk ez du sinatu,
eta salatu du benetako parte hartzerik gabe egin dela prozesua. Beste
susmoa, ikasketen antolaketa. «Eskaintza akademikoan ez du eragingo»,
esan du Goirizelaiak. Aitortu du, hala ere, urte batzuk barru alda
daitekeela eskaintza, «gizartearen beharren arabera».
Adostasun handia izan dela nabarmendu du errektoreak, eta indartuta
atera dela EHU. Baina bidean gorabehera batzuk izan direla ere agerian
utzi du. «Guztia ongi taxutu beharko dugu orain»
No hay comentarios:
Publicar un comentario